Follow us

Trailkwalker, mundu osoko fenomenoa

Duela zenbait urte, entrenamendu militarreko ariketa bat zen Trailwalker, Hong Kongen. 1981ean, dohaintzak biltzeko Oxfamen ekitaldi bihurtu zen. Gaur egun, munduko kirol-erronka nagusietako bat da. Hamasei ekitaldi egiten ditu, 11 herrialdetan; besteak beste, hauetan: Hong Kong, Britainia Handia, Japonia, Zeelanda Berria, Australia, Belgika, Irlanda, Frantzia, Alemania, India eta Espainia. Mundu osoko milioika lagunek hartzen dute parte Trailwalkerren urtero. Egindako kilometro guztiak batzen baditugu, Trailwalkerreko parte-hartzaileek ehun bira baino gehiago eman dizkiote munduari! Beste Trailwalker batzuei buruz informazio gehiago nahi baduzu, ikus nazioarteko Oxfamen webgunea.

Hamazazpi erakunderen nazioarteko konfederazioa da Oxfam, eta tokiko erakunde eta komunitateekin batera lan egiten du 90 herrialdetan baino gehiagotan. Larrialdietako laguntza emanez lan egiten du,epe luzeko garapen-proiektuak bultzatuz eta etorkizun bidezkoago baten aldekanpainak eginez.

Oxfam" izena gosearen aurka borrokatzen laguntzeko Oxfordeko Batzordetik dator. Britainia handian sortu zen batzorde hori, 1942an.

Bidezko eta pobreziarik gabeko mundu batean sinesten dugu.

Uste dugu pobrezia ekidin daitekeela. Injustiziaren ondorioa da. Gure helburua da oreka berrezartzea, pertsonek beren bizimoduak eta bizibideak hobetzeko behar dituzten baliabideak eskura izan ditzaten, eta eragiten dieten erabakietan parte har dezaten.

Uste dugu giza eskubideak errespetatzea lagungarria izan daitekeela pobreziari eta injustiziari aurre egiteko, egoera horretan bizi direnen duintasunari eusteko eta garapen jasangarria bermatzeko

Aurre egiten diegu pobreziaren injustiziaren egiturazko kausei, eta, horretarako, tokiko eta nazioarteko erakundeekin eta aliatuekin lan egiten dugu.

Gure usteak

Pertsona orok du eskubidea bere gaitasun guztia garatzeko eta pobreziarik gabe bizitzeko, mundu bidezkoago eta seguru batean. Uste dugu neurri eta borondate politiko egokiak hartuta mundu hori posible dela.

Pertsonok eskubidea dugu bizitzeko eta segurtasuna izateko, bizimodu jasangarri bat izateko, entzunak izateko, nortasun bat izateko eta oinarrizko gizarte-zerbitzuak eskuratzeko. Giza eskubideen nazioarteko hitzarmen guztiak sinatzen ditugu, bai eta Nazio Batuen Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala ere.

Pobrezian bizi direla, apenas dute ahalmenik pertsonek, eta ukatu egiten zaie entzunak izateko eskubidea. Pobreziak berekin dakar diru-sarrera eta aktibo oso gutxi izatea, oinarrizko gizarte-zerbitzuak eta aukerak eskura ez izatea, oso desberdintasun handiak, segurtasun eza eta garatzeko aukera gutxi jasatea.

Desberdintasuna da pobreziaren eragilea, ekintzarekin edo ekintzarik ezarekin batera. Hondamendi naturalek, indarkeriak, zapalketak eta ingurumenaren narriadurak ere larriagotu dezakete pobrezia, eta erakundeek eta jarduera ekonomiko jakin batzuek, berriz, betikotu.

Emakumeek eta neskatoek pairatzen dute, batez ere, pobrezia. Funtsezkoa da haien eskubideak eta beharrak defendatzea, errotik kendu nahi badugu.

Gobernuek kontuak eman behar dizkiete beren herritarrei, bai eta gizarteko instituzio, enpresa, erakunde eta talde guztiek ere; besteak beste, gure erakundeak.